Anboto hau kaleratu denean, ete dakigu zein den Aita Santu barria? Benedikto XVI.ari eskerrik asko! Gizaldietan inork egin ez dauena egiten ausartu delako. Edegi beharreko ate asko zabaldu dituelakoan nago. Sinisteak, ohiturak, ohikuneak, legeak… ditue erakunde guztiek, eta beraz, bai Elizak ere. Batzuk, Eliza Eliza izan daiten ezinbestekoak, aldatu ezinak. Asko eta asko aldakorrak; eta honeetariko asko baino gehiago, aldatu beharrekoak, Elizak bere jatorriari eta Jesusen mezuari jarraitu ahal deion, eta Eliza gaurko gizarteari, ez Erdi Arokoari, egokitu dakion.
Bakoitzak galdera zerrenda luzea eta zutabe batean sartzen ez dena jarriko leuke. Hona hemen itaun batzuk: Aita Santuak estatuburu izaten jarraitu behar ete dau?; Vatikanoko jauregietan bizi behar ete dau?; lekuko Eliza bakoitzak eskubide gehiago edo osoa izan behar ete dau bertako gotzaina aukeratzeko eta autonomia gehiagoz jokatu behar ete dau?; goi mailako elizgizonen agerkera eta janzkera asko ez ete dira aldatu beharrekoak, gaurko egunean barregarriak eta kaltegarriak, antzinatasun eta aberastasun usainez beteak direlako?; emakumeek gizonak beste aginpide eta eginkizun izan behar ete dabe ala ez Elizan?; sasoi batean egokiak edo beharrezkoak ziren lege asko (Mendebaleko Elizan abadetza eta zelibatoa lotuta izatea, bizialargunei buruzko eliz- legeak…) aldatu beharrekoak ete dira?
Eta zenbat galdera gehiago! Jakina! Aldatu beharrekoak ere ezin daitekez goizetik gauera aldatu. Azterketa sakona behar dabe gehienek, eta tentuz hartu beharrekoak dira erabagiak. Ausartuko ahal da Erromako gotzain barria, berari dagokionez, azterketok bideratzen eta erabagiak hartzen! Hori gura geunke kristau askok.