Gauza argirik badago hauxe da bat: beharrizanak, egoerak… Gauza guztiak, aldatzen joaten direla. Aldatzeak egokitu beharra dakar, eta egokitzeak, bere aldetik, aldatu beharra. Zenbat aldatu diren beharrizanak, preminak, eskaerak… Gizartea bera! Gutariko bakoitza ere aldatu ete garen gero! Gizakiok barruan doguzan galderak ere, gauza guztiak lez, aldatu egin dira eta egingo dira.
Lehengo itaunei, lehengo erantzunak dagokiez. Baina oraingo galderei, oraingoak. Bizitza-legea da egokitzea.
Erlijinoaren erantzunak ezin daitekez izan bardinak Erdi Aroan eta orain. Egokitu egin behar dira. Eta egokitzeko, aldatu.
Gure hizkuntza bera baserri mundura zehatz eta jator lotuta egon da gizaldietan. Orain, goizetik gauera aldatzen den beste mundu bati egokitu behar jako, eta horretan dihardu azken hamarkadetan. Beti egokitzen joan beharra dago, ba, eta, beraz, beti aldatzen. Baina, hemen dago untzea! Zer aldatu, orainari edo oraingoari egokitzeko? Ez ete dago galdu behar ez dena galtzeko arrisku handia? Bai horixe! Alperrik galdu geinkez ezinbestekoak diranak. Orduan, galtzeko arriskuagaitik, ezer aldatu ez?
Inondik inora ere ez holakorik! Egokitu ahal izateko, ausartak izan behar dogu aldaketak egiten. Baina, tentuz jokatu behar! Ez aldatu aldatzearren, egokitzearren baino. Tentuz.
Ez dakigula jazo nire irakasle bati gertatu jakona: gorputzak hotzari nahiz beroari egokitzeko gaitasuna eukala erakustearren, uda eta negu jantzi bardinakin ibiltzea erabagi eban, gorputza aldaketei egokitu behar jakela-eta. Hotzak hilda aurkitu eben, negu bateko goiz baten, bere gelan.