Erabateko berdintasunaren alde

Espainiako bost emakumetik batek sufritu izan du indarkeria fisikoa edo sexuala. Hori adierazi du Oinarrizko Eskubideen Europako Batasuneko Agentziaren txosten batek. Gainera, txostenaren arabera, biktimen %20k bakarrik salatu zuen gertakaria polizia-etxean. Datu hotzak eta kezkagarriak dira; gaur egun oraindik, XXI. mende bete-betean, jarrera sexista jakin batzuk indarrean daudela adierazten duten datuak, datu ulertezinak, azken finean.

 

Baina aurreiritzi, estereotipo eta rol sozialak ere badaude, zeintzuek gure gizartean emakumeak duen papera iraintzen duten. Eremu eta maila guztietan. Baita udal mailan ere. Hori horrela izanik, Durangoko PPn beharrezkotzat jotzen ditugun neurri batzuk luzatu dizkiogu gobernu taldeari, aukera berdintasunean oinarritutako gizarte bat lortzeko; argi dugulako tartean dauden eragile guztien konpromiso garbia behar dela, gaitz honekin bukatzeko.

Guk uste dugu Emakumeen Nazioarteko Eguna ez dela egun bakar batera mugatu behar. Gogoeta eta ahalegin etengabe bat behar du, amestutako berdintasuna ez dadin ameskeria hutsean geratu; diskriminazioari ez zaio inolako lekurik egin behar, sexua aitzakiatzat hartuta.

Horretarako, udalak azterketa bat jarri beharko luke martxan. Emakumeek herritartasun eskubidea gauzatzeko dituzten trabak zeintzuk diren jakin behar dugu, eta udalak neurriak jarri behar ditu abian emakumeek euren bizitza gizonezkoen baldintza berdinetan gara dezaten. 

Azken batean, gure esku dago berdintasun erreal eta ikusgarri bat lortzeko behar diren mekanismoak antolatzea. Izan ere, horrela soilik utziko ditugu atzean, gaur egun oraindik ere, emaku izate hutsagatik emakume askok sufritzen dituzten injustiziak. 

*Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!