Krisi egoeran erakundeek irudimentsu eta ausart jokatu behar dute dirua erabiltzeko orduan. Baliabide gutxiagorekin gauza berberak egiteak buruhausteak sor diezazkioke momentuko ardura daukan kudeatzaileari. Horregatik, batzuek biderik errazenaren alde egiten dute. Horiek, urterik urte, fiskalitatearen inguruko eztabaida erabiltzen dute betikoei presio egiteko, hau da, herritarrei.
Badirudi hori dela EAJk hartu duen bidea. Baita Durangon ere. Udal gobernuak, zergei eta herri-tasei bideratutako batezbesteko zerga ordainketa iaz baino %2,2 gehiago izango dela iragarri du.
Zerga igoera horren aurrean, arduraz jokatu behar dela, eta gabezia kudeatzen jakin behar dela uste du PPk. Eta, horregatik, 15 zuzenketa aurkeztu dizkiogu EAJren gobernuak aurkeztutako proiektuari. Herriko ekonomia sustatzera bideratutako proposamenak, esaterako, herrian saltoki edo negozio bat zabaldu nahi duenari %75eko beherapena ezarri beharko litzaioke tasetan.
Ekintzaileei hobekuntzak egitea ezinbestekoa da, beraiek sortzen dutelako lau lanpostutik hiru, eta baliabide gutxiago duten familiei zerga beherapenak egitea ere beharrezkoa da.
Krisiaren erruz egoera zailenean bizi direnei aldapa gogortu nahi dietenen aurrean, PPk merkataritza aktibitatea sustatuko duen politika fiskala ezarri nahi du, eta, era berean, langabetuen eta bitarteko urriak dituzten pertsonen ekonomia jipoitua arindu.