Alabaina, bestelako albiste batek ez du inolako oihartzunik izan, hau da, Durangoko gerrikoa edo saihesbidea amaitzeko beharrezkoa den Tabira -Ona biribilgunea- Simply loturaren bigarren zatiaren esleipenak.
Izugarri tristatzen gaitu bukaera-proiektuan aurreikusita dagoen lau zatietatik bigarrena baino ez izateak. Azpiegitura horrek hainbat urtetako atzerapena darama, eta Durangoko Udalak baliabide ekonomiko handiagoa zeukan garaian lanean hasi ez izana da horren arrazoietako bat. Alderdi politiko batzuek obra horrek hiriarentzat daukan garrantzia ez zutelako ikusi, edo ez zutelako ikusi nahi izan, gertatu da hori guztia.
Urte asko dira beste herri batzuetatik etorri, eta, adibidez, Atxondo, Elorrio, Arrasate, edota Bergarara bidean doan trafikoak, neurri handi batean, behintzat, Durangoko erdigunea zeharkatzen duela. Eta horrek trafiko pilaketa handia eragiten du, hirigunean sortzen den kutsadurarekin batera.
Errepide horrek duen garrantziaz ez ahazteko eskatu nahi diogu udal gobernuari lerro hauen bitartez, eta datorren urteko aurrekontuetan partida ekonomiko bat hirugarren zatia egitera bidera dezala. Luzaroan itxaroten egon behar ez dezagun, eta herritarren pazientziarekin buka ez dezaten, espero dugu aintzat hartzea hainbeste desio dugun lan hori eta 2015erako amaituta egotea.