Urkullu lehendakaria eta haren gobernua ez dira aurrekontuak onartzeko arazoak dituzten bakarrak. Zoritxarrez, Durangoko EAJk ere, udalaren buruak, iazko kontuak luzatzeko asmoa du 2013 honetan. Hain zuzen, 2011ko kontuetatik luzatutako aurrekontu bera.
Aurrekontuak oinarrizko tresna dira edozein gobernuk –berdin maila nazionalean, autonomikoan, foralean zein udal-mailan– bere politikak ezartzeko eta egitasmoak burutzeko. Gure udalari dagokionez, bistakoa da EAJ ez dela kapaz bere proiektu ekonomikoa aprobetxatzeko, eta orain ere, halabeharrez bultzatu gaituzte aurrekontuak berriro luzatzera.
Oposizioko gainerako taldeekin alderatuta, Alderdi Popularrak garaiz eta behar bezala bidali ditu zuzenketa partzialak, eta oinarrizko helburu batzuk lortzeko funtsezkoak direla uste dugu, hala nola enplegua sortzeko, tokiko ekonomia bultzatzeko eta krisialdiak gehien eragin dien pertsonei eta behar gehien dutenei laguntzeko.
Hamar zuzenketa aurkeztu ditugu, eta guztira, 400.000 euroko balioa dute. Esate baterako, haurreskola edota zergak eta tributuak ordaintzeko dirulaguntzak proposatzen ditugu. Eta gainera, partidak bideratuko genituzke enpresekin kontratuak errazteko eta sustatzeko, baita enplegu-planak eta komertzioa bultzatzeko diru kopuru jakin bat ere.
Argi dago gobernu taldearen proiektua hobetzeko proposamenak direla. Gure harri-koxkorra jarri nahi dugu, Durango krisialditik irteten den lehenengo udalerria izan dadin. Baina jakina, ikusiko dugu ea EAJ gai den kontuak onartzeko, edota horren ordez, aurrekontuak hirugarrenez luzatzen dituen.