Durangok ezindu psikikoentzako eguneko zentro bat izango du laster. Eta zentro berri hori errealitate bihurtuko da, Durangoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmen bati esker. Durangoko Alderdi Popularraren ustez, berri ona da hori. Izan ere, agintariek eta administrazioek esku hartzeko funtsezko arlo bat izango badute, hori gizarte-ekintzako politikak dira.
Aldundiak eta gurea lako udalerriek sinatzen dituzten hitzarmen arautu horiei esker, herritarren oinarrizko beharrizanei erantzun ahal izango diegu, haiek gizarteratzerako programak eta ekintzak eskainita. Kasu honetan, zentroak minusbaliotasun psikikoa dutenen gizarteratzea erraztu eta ahalbidetuko du. Hitzarmenaren arabera, Udalak lokal bat laga behar du doan, eta Aldundiak eskainiko du zerbitzua bera, haren kudeaketarako esleipen publikoa eginda. Aurrekontu publikoko dirua gizarte-ekintzako politiketan gastatzea berebizikoa da, azpiegituren, garraiobideen, kulturaren eta bestelako sailetan gastatzea baino areago.
Eta nahitaezkoa ere bada, bereziki, baliabideak behar bezala erabili eta inor jokoz kanpo eta aukerarik gabe utzi nahi ez dituen gizarte batean. Hala bada, gizarte-ekintzaren gastua gakoa da administrazio publikoaren ikuspegitik. Langabetuei edo baliabiderik gabekoei prestazio ekonomikoak emateaz ari gara, baita kolektibo ahulenei laguntza eskaintzeaz ere, hala nola nagusiei edo ezinduei. Alderdi Popularrean pozik gaude, instituzioen artean elkarlanean dabiltzalako gizarte arloko horrelako ekintzak gauzatzeko. Eta pozik gaude, halaber, Errotaritxuenako higiezina, 525 metro karratukoa, desgaituentzako zentro bihurtuko dutelako. Berri ona da hori.
* Erredakzioan itzulia