Areto-futbolari 22 urte eskaini ostean, etapa bat amaitzeko ordua heldu zait, ez gogo faltagatik, baizik eta kirol eder baten alde borrokatzen jarraitzeko indar faltagatik, zeinari Euskadin ez zaion laguntza nahikorik eskaintzen garrantzitsua izateko.

Bizkaiko federazioarentzat berarentzat ere ezdeusak gara eta laguntzarik ez emateaz gainera, trabak jartzen dizkigu. Azken urteetan, gero eta eskakizun gehiago eskatzen eta futbol 11ri besteko betebeharrak exijitzen dizkigute, baina ez eskubide berdinak ematen.

Areto-futbol taldeok ez ditugu aukera berdinak, ez ekonomikoki eta ez baliabideei dagokienez, ezta urrik eman ere. Futbolak zelaiak ditu, publizitatea, eta tabernak ustiatzeko. Areto-futbolean, aldiz, ez dugu aukera hori, kiroldegiak beste ekintza batzuekin partekatu behar ditugulako.

Berriki, federazioak iragarri du baduela dirua klubei laguntzeko, baina materialetan ematea erabaki du. Futbol 11ko talde bakoitzari peto multzo bat eta 12 baloi emango dizkiote, eta areto-futbol talde bakoitzari, bost baloi.

Kontakizun batekin amaituko dut. Mallabiko gazteak Bizkaiko txapeldun geratu ziren jardunaldi baten faltan. Azken partiduan, Bilbon, denok espero genuen txapeldunaren garaikurra emango zigutela, baina ez zen inor azaldu. Astelehenean presidenteak deitu zidan. Zoriontzeko? Ez. Zierbenaren mesedetan txapelketari uko egin geniezaion eskatzeko. "Mallabia ez zenez igoko", Zierbenak hartu zezan gure tokia nazional mailan. Kopa lau aste geroago eman ziguten. Tira, hori da dagoena. Animo eta zorionak kirol honen alde lan egiten duzuenoi: handiak zarete!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!