Federazioak taldeen eta kluben garbiketarekin jarraitzen du. Orain urte batzuk erabaki zuten ez zutela lagunarte estiloko talderik nahi. Horrelaxe esan zidan Federazioko buruzagi batek. Harrezkero, lehiatu ahal izateko baldintzak gogortu dituzte, batez ere delegatuen mutualizazioarekin eta entrenatzaile titulua exijitzeko derrigortasunarekin.

Salbuespen gutxi batzuk kenduta, areto-futboleko taldeak, futbolekoekin alderatuta, modu ezberdinetan antolatzen dira. Normalean, jokalariak klubetako administratzaileak dira. Federazioaren helburua, epe ertainera begira, areto-futbol klubek futbolekoen antzerako egiturak izatea da.

Zuzendaritzakoek zuzendu, entrenatzaileek entrenatu, delegatuek epaileak atenditu eta jokalariek jokatu. Horrela izan beharko litzatekeela uste dut neuk ere. Baina errealista naiz eta badakit Euskadiko areto-futbolak pisu txikia duenez, helburu hori lortzeak biktimak ekarriko dituela eta klub asko desagertzen joango direna.

Talde kopurua gutxituz doa. Oraintsu arte Bigarren Erregionalean lau multzo zeuden eta aurten bakarra dago. Euskadiko maila gorenak, berriz, hankamotz daude: 15 talde Hirugarren Mailan eta 12 Euskal Ligan, azken orduan hiru talde erretiratu ostean. Aurten garbiketak Durangaldeari ere eragin dio eta klub bi desagertu dira: Abadiñoko Gaztetxie eta Berrizko Presion Break. Alde positiboa emakumeen areto-futbolaren zein kadete eta gazte mailakoen garapena izan da.

Beraz, klub gutxiago, baina hobeak. Hori da gaur egun Estatuko atzealdean dagoen Euskadiko areto-futbola hobetzen saiatzeko plana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!