Pauso bat gehiago

Federazioak beste pauso bat eman du klubei gehiago exijitzeko bidean. Iaz delegatuen gaiari heldu zion, eta gastu handiagoa ekarri zien klubei, eurak mutualizatzera behartuz. Orain monitore eta entrenatzaileen txanda da.

Datorren denboralditik aurrera, Euskal Ligan lehen mailako entrenatzaile lizentzia beharrezkoa izango dela jakinarazi diete klubei. Beraz, monitorearena ez da baliagarria izango. Apiriletik ekainera bitarteko ikastaro batean matrikulatzera animatu gintuzten. Non aurkituko dugu 1.000 euro ordaintzeko eta Bilbora eta Sestaora joanez 400 ordu horretara bideratzeko prest dagoen jenderik? Abisatu gabe eta denborarik gabe. Bada, ematen du —konfirmazio ofizial barik— neurria denboraldi batez atzeratuko dutela, prestatzeko denbora izan dezagun.

Logikoa da eta Durangaldean, esaterako, Kirolenen ematen den ikastaroa aprobetxatu ahalko dugu. Gertuago dago eta merkeagoa da. Ordainetan, eta kirol legea aplikatuz, 2018tik aurrera kategoria denetako talde guztiek monitore edo entrenatzaile titulatuak izan beharko dituztela esan dute. Argitu beharko da monitore izateak zein punturaino balioko duen, denbora kontua baita Maila Gorenean ere entrenatzaileak egon daitezela exijitu dezaten. Neurri honen ondorioz, talde asko desagertu eta egitura sendodunek baino ez diote eutsiko. Areto-futbola futbol 11gaz berdintzeko beste pauso bat da. Epe ertain-luzean kirol honen ‘kalitatea’ hobetuko du, baina ‘kantitatea’  murriztuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!