14-15 urteko gaztetxoek osatu zuten lehen taldea, eta Bizkaiko txapelketa lehiatu zuten; 2004tik hona areto-futbol federatuan dabiltza. Bigarren Erregional mailan hainbat urte eman ostean, segidan lau igoera lortu eta Hirugarren mailara heldu zen. Lau urtez eutsi zion han, harik eta kontu ekonomikoengatik mailari uko egin zion arte. Gaur egun, Euskal Ligan dihardu. Gainera, beste talde bat dugu Lehen Erregional mailan; klubeko etorkizuna den gazteen taldeak, berriz, igoera lortu du.
Bidean hazten joan gara, eta orain 17 urte futbol eskola sortu genuen Mallabiko umeei aukera berriak irekiz.
Urteetan Jolas Leku sortu eta kudeatu genuen, gazteei neguko arratsalde hotzak billarrean, ping pong-ean, futbolinean… igarotzeko aterpea eskaintzen zien lokala.
15 urte daramatzagu tenis torneoa antolatzen ekainean, eta orain urte bi tenis eskola abiatu genuen. Oraintsu frontenisa gehitu dugu gure ekintza zerrendan.
Udan euskararen aldeko maratoia antolatzen dugu eta baita Mallabi Cup ere: Euskadi osoko 500 bat ume batzen ditu gure ekintza izarrak. Mallabia eskolako areto-futbolaren hiriburu bihurtzen da.
Laburbilduz, ez dago txarto 1.000 biztanle baino gehiagotxo dituen herri batentzat. Uda ona igaro!