Diskriminazioa

Autoritate politikoen zein kirol arloko agintarien aldetik jasaten duten gutxiespena salatzeko areto futbol klubek dituzten kexak jakinak eta justifikatuak dira. Parte-hartze faltagatik, erruaren zati bat klubekook dugula ere egia da. Ni neu federazioak deitutako batzarretan izan naiz, dozena erdi klubetako ordezkariak bakarrik geundela.


Areto futbola kuadrillen arteko kirola zen, eta egituradun klub gutxi zeuden. Baina hori aldatzen dabil; esaterako, Durangaldean Sasikoak eta Elorrioko Buskantzak dituzten organigramek ez diote inbidarik hamaikako futbol talde bati. Mallabian, Berrizen, Durangon eta Abadiñon xumeagoak diren beste klub batzuk ere ahalegin handia egiten dabiltza.

Baina areto futbola ezin da berdinetik berdinera borrokatu hamaikako futbolaren aurka. Udalaren kirol azpiegiturak denok erabiltzen ditugu, baina batzuek modu esklusiboan izaten dituzte erabilgarri, ia azpiegituren jabedunak balira bezala; beste batzuek, aldiz, itzelezko zailtasunak dituzte, kirol anitzeko pistak direnez, banatu egin behar direlako. Areto futbol taldeek ez dute txartel lehiatilako diru sarrerarik, publizitate eta babesleen sarrerak urriak dira, eta diru sarreraren atalik handiena jokalariek jarritakoa da. Federaziotik betebehar berberak eskatzen dizkigute, nahiz eta ez ditugun eskubide berberak. Inork ez du zalantzan jartzen diskriminazio positiboaren alde egin behar dela emakumeen eskubideen, euskaren edo gutxitasunen bat duten pertsonen mesedetan. Zergatik ez eredu bera aplikatu areto futbolean?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!