Orain maratoien ordua da. Duela urte batzuk lagunak batzeko antolatzen ziren; futbol taldeetan eta areto futboleko taldeetan zebiltzan jokalariak batu, eta ekaina lehiatzen ematen zuten. Gaur egun, baina, sariak irabazteko helburu bakarragaz antolatzen dituzten maratoiak ere badaude.
Mallabiko maratoi xumea izango da lehenengoa, ekainaren 5etik 7ra. Hurrengo asteburuan, Berrizen ikuskizun handia izango dugu, harmailak jendez beteta daudela, eta, aste bi geroago, Zaldibarren txanda izango da. Zaldibarko maratoia handi bihurtu da: herri osoak pasio handiz bizi du.
Maratoiek esfortzu handia eskatzen diete puntako taldeei, eta asteburuko lau-sei partidu inguru jokatu behar izaten dituzte. Ez dira lehiaketa errazak; aitzitik, erritmo eta tentsio handiagaz jokatzen dituzte. Gezurra dirudi denboraldi gogor baten ostean jokalariek oraindik gogoa eta indarra batzea hain exijentzia fisiko handian lehiatzeko.
Jende asko batzen dute, eta erraza da harmailak lepo ikustea. Klub federatu askok nahiko lukete jende kopuru erdia batzea lehiaketa ofizialeko partiduetan. Horrek guztiak areto futbola oso kirol erakargarria dela erakusten du, baina federazio mailan goitik behera doa. Izan ere, agintarientzat futbitoa bakarrik gara, hau da, futbol txikia.