Monitore ikastaroa

Azken urteetan Euskadiko eta Bizkaiko federazioek maila eskakizunak handitu egin dituzte, entrenatzaileei dagokienez. Logikoa da, helburua Euskadiko areto futbolaren maila hobetzea bada. Maila Gorenean eta Euskal Ligan gutxieneko monitore titulua behar da. Iaz arte, entrenatzaileen 1. maila exigitzen zen maila horietan.

Tituludunak falta dira, eta klubei kostua suposatzen die. Horrek eraginda, azken urteetan Euskal Liga eta Hirugarren Maila hankamotz daude hamahiruna taldegaz (hamabi Hirugarren Mailan, oraintsu Ermua taldea desagertu ostean). Orain urte gutxi, Durangaldean Abadiñoko Lagun ere desagertu egin zen.

Klubetako ordezkariek entrenatzaile ikastaroak antolatzea izan daiteke irtenbide bat, baina, kostu ekonomikoaz gainera, denbora da oztopo nagusia, eskolek eta joan-etorriek hartzen duten denbora. Aurten, Euskadiko federazioak Euskal Ligarako eskakizun maila monitore titulura jaitsi du, eta erabaki zuzena izan da; Entrenatzaile Eskolak, bestalde, monitore ikastaroak eskaini ditu Gabonetan, eta bete-betean asmatu du. 20 lagun ibili gara ikastaro horietan.

Hala ere, Durangaldeko hiru lagun bakarrik egon gara aipatutako ikastaroan. Izan ere, Sestaorainoko joan-etorriak egin behar ziren. Beharbada, horrelako ikastaroak Bizkaiko eskualde gehiagotara gerturatzea aurrerapauso bat izango litzateke. Esaterako, Durangon antolatuz gero, seguru nago eskualdeko jende dezentek parte hartuko lukeela.

* Erredakzioan itzulia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!