Batzearen garrantzia

Orain aste batzuk Elorrioko Buskantzak eta Debabarrenak sinatu duten lankidetza hitzarmenari buruzko berria irakurri nuen Anboto astekarian. Gure inguruko areto-futbolarentzat albiste ona da.


Bilbo estatu mailako gorengo kategoriatik jaitsi zenetik, gure kirol honek erakargarri egingo duen erreferentzia bat falta du. Lurraldekako mailetan talde berrien gorakada eman den arren, estatuko areto-futbolaren atzealdean jarraitzen dugu. Futbol 11n gertatzen denaren kontrara, areto-futboleko klub gehienei egitura klasikoa falta zaie: zuendaritza, teknikoak, jokalariak… Jokalariak eurak dira kudeaketaren arduradun.
Horregatik, positiboa da kirol arloan zein ekonomikoki baliabide gehiago dituzten klubekin lankidetza hitzarmenetara heltzea. Horrek ez du esan gura klubik xumeenek euren nortasuna galduko dutenik. Badira urte batzuk Elorrio eta Sasikoa askotariko mailetan eta alderditan areto-futbolaren alde lan handia egiten ari direna. Baina helburu handiagoetarako baliabideak falta zaizkie.


Aurreko denboraldian Elgoibarrek eta Zierbanak ezin izan zuten mailaz igo diru faltagatik. Beraz, Bartzelonak egin zuen moduan, Athletic edo Erreala areto-futboleko talde bat sortzera animatzen ez diren bitartean, kluben arteko lankidetza sustatzea beste biderik ez zaigu geratzen. Bigarren Mailarako talde bat lortzea elitera heltzeko lehen pausoa litzateke, eta hori beharrezkoa da euskal areto-futbolak hainbeste behar duen jauzi kualitatiboa emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!