Orain urte batzuk areto-futboleko talde kopuruak igoera nabarmena izan zuen. Lagun taldeak –asko futboletik zetozenak– batu, eta federatu egiten ziren, asteburuetan lehiatu eta dibertitzeko asmoz. Teorian klubak sortzen ziren, baina praktikan taldeak ziren.
Talde batzuk mailaz igotzen joan ziren, eta puntu batera heldu ziren, zeinetan eskakizun maila askoz handiagoa zen, bai kirol arloan, bai ekonomikoki. Jakina da galduz gero, gutxiago dibertitzen dela. Futbol federazioek, zeintzuei areto-futbolak gutxi ardura dien, arau batzuk ezarri zituen talde horiek klub bihurtu zitezen, antolakuntza serioago batekin. Horrez gainera, tituludun entrenatzaile bat ere behar zenez, gastuek gora egin zuten. Beraz, babesle indartsuak eta diru-laguntzak lortu dituztenek bakarrik lortu dute Euskadi mailako eta nazional mailako kategorietan mantentzea.
Talderik gehienei, baliabideak jokalariek eurek ipini behar dituzten horiei, erregionaletako mailak geratzen zaizkie.
Bestela, desagertzeko arrisku handian daude. Baliabideak lortzeko diru kantitate handia eta ahalegina ipintzen dituen jokalari bati zelan azalduko diozu ez duela jokatuko, behinena irabaztea delako? Nire ondorioa da, baliabide urriko talde bat tituludun entrenatzailea behar duen mailetara heltzen denean, talde horrek arriskatu egin behar duela: edo irabaztera jokatu eta taldea apurtu, edo dibertitzeko lehiatu. Azken kasu horretan komenigarriena erregional mailan aritzea da.