Euskadik elitean taldeak zituen urteak eta areto-futbol kluben hazkundea gertatu zen sasoia urrun geratzen ari dira. Gainbeherak neurriak hartzera eraman zituen federazioak. Tituludun entrenatzailea edukitzeko derrigortasuna ezarri zen (aurten Maila gorenera zabaldu dutena), eta baita Hirugarren mailako eta Euskal ligako klubek gazteen talde bat edo 20 urtez azpiko bat izan behar zutela ere.
Ikusteke dago neurri horiek epe ertainera eta luzera ondoriorik izango duten, baina laburrera kaltegarriak izan dira. Gutako batek, Abadiñoko Lagun-ek erretiratu beharra izan du, ez duelako entrenatzailerik aurkitu. Hainbat talde erretiratu dira azken urteetan, beste batzuek, gastuen igoerari aurre egin ezinda, ez igotzea erabakitzen duten bitartean. Horrek guztiak, lehiaketak osatugabe uzten ditu; 15 talde 2. B mailan eta 3. mailan, eta 11 bakarrik Euskal ligan (bost falta dira).
Oinarri-futbolari dagokionez, hainbat oztoporen aurrean aurkitzen gara; futbola eskola-kirola da kadete mailara arte, eta ondorioz, formazio lana ikastetxeen bitartez bakarrik egin daiteke, eta horiek, kasu batzuetan, ‘multikirolak’ legez aritzera behartzen dute kimu mailako bigarren urtera arte; beste kasu batzuetan umeak zelaiko futbolera bideratzen dituzte, eta benjaminetan futbol 7an lehiatzen dute.
Arau horiek krisi ekonomiko sakon baten testuinguruan ezarri dira. Horiek horrela, egoerari aurre egiteko baliabide ekonomikoen bilaketa Ezinezko misioa iruditzen zait.