Kategoria denetan 22 talde (kadete, gazte, afizionatu…), eta Hirugarren mailan hiru talde izateak Durangaldea Bizkaiko eta, oro har, euskal areto-futbolaren buruan kokatu du. Kokapen hegemoniko hori Mallabiak azken unean mailari eutsi ziolako, eta Sasikoak eta Elorrioko Buskantzak mailaz igo zutelako gertatu da.
Mallabia Tabirakolor taldea osatzen dabil Jero Ugarteren gidaritzapean eta durangarrak J.C. Carreragaz prestatzen dabiltza, entrenatzaile truke kurioso batean. Elorriok, hiru talde afizionatuen igoera ospatu ostean, Hirugarren mailan talde sendoa izango du.
Abadiñoko Lagun, euskal ligako debut handiaren ondoren, bakarrik dago ahalik goren amaitzeko borrokan. Maila gorenean, bost talde ditugu, 20 derbiren protagonista izango direnak. Presion Break faboritoa da, baina Sasikoa eta Elorrioko filialak arerio gogorrak izango dira. Kurutziaga eta mailaz igo den Sapuberri ere ez dira nolanahiko arerioak izango. Lehenengo erregionalean, Abadiñoko Gaztetxiek eta Dantzarik igoera dute helburu. Elorrio C ere maila horretan dabil. Bigarren erregionalean sei talde ditugu, eta hiru debutariak dira: Elorrixo Txiki, eta Mallabia eta Berrizen filialak. Iaztik Mendibeltz, Gu Lagunak eta Racing Tolosto taldeek jarraitzen dute. Sasikoari esker, emakumeetan ere ordezkari bat izaten jarraitzen dugu. Hasi dadila lehia eta zorte on guztiei.