Euskal talde bi estatu mailako Bigarren B Mailako lehenengo postu bietan geratu dira. Elgoibarrek eta Zierbenak kantxan irabazi dute maila horretan jokatzeko eskubidea. Biak kokatu dira 32 talde onenen artean, munduko ligarik onenean.
Bada, azkenean, talde bietako batek ere ezin izan ditu igotzeko eskubide hori gauzatzeko 200.000 euroak bildu. Ez erakundeek (politikoek zein kirol arlokoek), ez enpresa pribatu handiek ez dute batere interesik erakutsi Euskadin futbol 11aren itzalean ahultzen doan kirolarekiko.
Hala, erreferentziazko talde baten faltan, euskal areto futbolak estatu mailakoaren atzeko puntan jarraituko du luzaroan. Futbol arloan, Errealak eta Athleticek Euskadiko erakunde eta enpresen ia babes osoa erakartzen dute. Ondoren, gainerako futbol 11ko taldeak datoz, eta areto futbolak hondarrak bakarrik jasotzen ditu. Ez Euskal Federazioak, ez lurralde mailakoek ez dute areto futbolarekiko interesik; areago, traba egiten duela dirudi. Kirol hau biziberritzeko iniziatiba guztiak klubengandik sortutakoak dira. Jokalariak eta entrenatzaileak dira aurrera egiteko denbora, grina eta dirua eskaintzen dituztenak. Azkenean, ikusiko duzue, politikoak eta buruzagiak emaitzak eurenak balira lez saltzen saiatuko dira.
Zer kostatuko litzaieke Athletici eta Errealari 300.000 euro bideratzea areto futboleko atal bat sortzeko euren egitura barruan? Oso gutxigaz, Euskadik areto futbolean erreferente bat izatea lortuko luke.