Beste behin, gazte mailako Euskadiko selekzioak porrot egin du Espainiako Areto Futbol Txapelketan. Katalunia, Aragoi eta Kanariar Uharteen kontra gol zaparrada jasota, ez genuen lehenengo fasea gainditu.
Harrobiaren egoerak etorkizuna aurreikusteko oinarri moduan balio badu, ematen du estatu mailako azkenengoen artean jarraitu beharko dugula. Irtenbideak bilatzerakoan, Euskadiko Federazioak taldeei exijitu egiten die, bai, baina ez bere buruari. Gazte mailako klubak sortzen laguntzen du, baina ez die klubei laguntzen. Nondik aterako ditugu talde horiek sortzeko gazteak eta nondik aterako dugu taldeei eusteko dirua? Sasikoak eta Mallabiak ezin izan dute gazte mailako talderik atera aurten; Durangaldean, Elorriok bakarrik eusten dio.
Nire ustez, Euskadin eliteko klub bat falta dela da arazoa. Euskadiko Federazioak lehen mailan lehiatuko litzatekeen klub handi bat sortzen ahalegindu beharko luke, umeentzako eta gurasoentzako erreferentzia bihurtu dadin. Ematen du lurraldekako federazioei eta Euskadikoari futbolak bakarrik inporta diela eta areto futbola kasik enbarazu bat dela. Esaterako, areto futboleko hautatzailea Euskadiren partidua jokatu baino hilabete eta erdi lehenago aukeratzen dute, partidua ganoraz prestatzeko denbora barik. Posible ote litzateke areto futboleko federazio propioa sortzea? Gure buruzagiei interesauko ez zaielakoan nago.