Badatoz

Badatoz hauteskundeak. Badatoz kartel, posta, iragarki eta abarrez gezur saltzaile txolinak. Hamabost eguneko jazarpena hurrengo lau urteetarako lasaitasunaren bila.

Hautetsiak banatzeko D´Hondt metodoa erabiltzen da. Metodo honek alderdi politiko handien alde egiten du, alderdi txikiei kalte eginez. Metodo honek hautesle-erroldaren herena baino boto gutxiagorekin gehiengo absolutua izateko aukera ematen du.

Badatoz, baina hobe genuke hautetsien kalkuluak proportzionaltasun osoz egingo balira.

Erabakiak hartzeko orduan ere gehiengo absolutua lortzeko hautesle-erroldaren erdia baino gehiago beharko litzateke eta, horrela, gehiagoren artean adostu beharko lukete. Eta horrela, seguruenik, gehiengoak nahi duenetik hurbilago egongo litzateke.

Badatoz, baina hauteskundeez at, beste edozein garrantzizko gai bozkatzeko aukera bermatu beharko litzateke. Arautegi zehatz bat jarriz: zenbat sinadura behar diren eskaera egiteko, zenbateko maiztasunaz egingo diren bozketak, onartuko ez balitz noiz egin daitekeen bozketa berria, eta horrela beharrezko arau guztiak.

Badatoz, baina agintea ez dago hautetsien esku. Agintea munduko agintari ekonomikoen esku dago. Eta agintari politiko gehienak agintari ekonomikoen menpekoak dira.

Guztion ongizatea eta beharrak bete nahi izanez gero gure indar eta ideia guztiak jarri beharko ditugu martxan egoerari buelta emateko. Bakarka eta taldean indartsu jarraitu beharko dugu gure eskubideak lortzeko eta bermatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!