Jende gehiegi etxerako eta, inguruko baserri eta txabola guztiak beteta, jendeak kanpora joan behar izan zuen, askok Ameriketara. Bidaia tristea eta bizitza latza.
50eko hamarkadan industria indartu zen, baserriak hustu, soro eta zelaietan pinua sartu, eta fabriketara. Baldintza oso kaskarretan lehertu arte behar egin, baina lanorduak bete ostean, denbora librea. Lotura gutxiago, soldata seguruagoa, bizitza alaiagoa eta askeagoa ustean.
Gaur baserri bat daukanak arazo bat dauka. Gaur egun ezin da baserritik bizi, lur sail zabalak izan eta inbertsio handiak egin ezean.
Salgai jarriz gero, erosoenak eta hurbilekoenak harrizko hormaz inguratutako jauregi bihurtzeko saltzen dira. Eta pozik, datorrena auzizalea ez bada.
Gazteek ezin dute erosi garestia delako eta diru-laguntzarik ez daukatelako.
Ilusioa bai baina dirurik ez daukaten gazteei laguntza emanez gero, hizkuntza mantenduko da, natura zainduko da, elikagai sanoak ekoitziko dira. Bizitza hobea, lasaiagoa, osasungarriagoa eta naturalagoa bizitzeko lanpostu duinak dauzkaten baserritarrak edukiko genituzke.
Baina nork ematen ditu laguntzak? Nori? Eta zertarako?