Gerra ostean arazo larriak izan zituzten euskaraz egiteko. Gaur egun Iparraldean egoera zaila daukate, Ziburuko Kaskarotenea da adibide garbia. Nafarroan ere, eremu ez euskaldunean eskas dabiltza, eskola txikiak itxiz, eta euskara ikasteko ordaindu eta kilometro pila egin behar dute. EAEn aurrerakuntza batzuk egin dira irakaskuntzan eta administrazioan. Hala ere, unibertsitatean bada zer hobetu. Osakidetzan aldaketak mantso doaz. Eta epaitegietan ez da hobekuntzarik nabari.
Askotan aurpegiratu digute ea zer nahi dugun: mediku on bat ala mediku euskaldun bat, irakasle on bat ala irakasle euskaldun bat, beste lanbide batzuekin jarraituz. Imajinatzen duzue mediku, irakasle edo epaile bat euskara beste hizkuntzarik ez dakiena Euskal Herriko zenbait herritan? Guk nahi eta behar duguna hau da: mediku on euskalduna, irakasle on euskalduna, epaile on euskalduna, eta abar. Duela gutxi lankide batek zioen moduan, eskatzen dudana hau da: egunak dituen 24 orduetan euskaraz egiteko aukera izatea. Imajinatzen duzue?
Jendea harritu egiten da inguruko hizkuntzarik zaharrenetarikoa dela jakitean, eta hor dabiltza bere jatorria zein den erabaki ezinik. Baina iruditzen zait garrantzitsuena ez dela antzinatasuna eta jatorria, aurrerantzean bizirik eta osasuntsu iraun dezan, ezagutza eta erabilera indartzea baizik. Horregatik, ondo aztertu behar dugu zer, zelan, non eta noiz aldarrikatu behar dugun gure hizkuntza, guztiok euskahaldun izan gaitezen.