Herriak ahalegin guztiak egin izan ditu gure hizkuntzaren egoera hobetzeko, historia berreskuratzeko eta sustraiak geureganatzeko.
Horretarako sortu ziren:
60ko hamarkadan alfabetatze taldeak Euskaltzaindiaren inguruan, eta jarraian gau eskolak. 1976an AEK, 80ko hamarkadan udal euskaltegiak, HABE eta IKA. Irakastetxetik kanpo, kalean ere eragin beharra ikusita, euskara taldeak sortu ziren: AED, Barriketan, Berbaro, Zenbat Gara eta beste. Elkarte horien helburua herri aldizkariak, irratiak, kulturguneak eta telebistak sortzea izan zen, tokian tokiko informazioa euskaraz emateko.
1990-2003 tartean Euskaldunon Egunkaria, eta 2003tik aurrera Berria.
1978tik Euskal Autonomia Erkidegoan euskara ofiziala da, baina ez espainola beste. Espainolaren beharra eta nagusitasuna Espainiako Konstituzioak babesten du, eta euskararena inork ez.
Horrela euskararen berreskuratze prozesua ondo zihoala sinestarazi ziguten, eta herriaren bultzada ez zela hain beharrezkoa. Instituzioek zainduko zutela ofiziala zelako, baina bai zera! Ofiziala izango da bai, baina itxura egiteko erabilia, ez praktikoa, eta egunerokotasunean indarrik gabea.
Egoera honen ondorioz, orain 50 urte bezala herria mugitu eta batu beharko da. Dauzkagun indar guztiak bideratu, nahi duguna lehenbailehen bete dadin.
Guztion beharra dago.
Gure esku dago.