Sokatira

Hilabete dela, askotan moduan, institutuko patioa gurutzatzean, mutil koadrila handia baloiaz jokatzen, baloi batek hogeita sei mutil engainatzen zituen momentu horretan. Baloiak ez zekien gure herriko hizkuntzarik.

 

Harmailetan eguteran jarrita neska koadrila bat. Ez dakit baloiari edo mutilei begira, denak adi-adi eta isil-isilik futbito zelairantz begira.

Baloi jokalarien hizkuntza eta nesken geldotasuna ikusita zerbait egin beharra zegoen.

Buruari buelta batzuk eman ondoren, atsedenaldietan gure hizkuntza erabiltzeko eta mugitzeko jolasak eta jokoak egitea pentsatu genuen.

Sokatira, kultura lehiaketa, toka, bolalekua eta beste.

Errazena sokatira, soka bat eta arauak lortu, eta aurrera. Kartelak jarri, eta, gelaz gela, zortzikoteen bila hasi ginen, lau mutil eta lau neska. Eta hor agertzen da lotsa. Inor apuntatu ez. Patioan ahoz aho hasi eta, berriz lotsa, hiru talde.

Azkenean irakasleek ikasleei desafioa bota eta eurek onartu.

Joan den barikuko atsedenaldian, lotsaren eraginez, soka ikusiaz batera ikasle batzuk ihesi. Lehenengo tiraldirako 60 bat ikasle inguruan begira, bigarrenerako 150 ikasle inguru, azkenerako 300 bat.

Ikasleentzat ikuskizuna sokatira zen, baina benetako ikuskizuna ingurukoa zen, denak zarataka, irribarrez, alai, adi, parte hartzeko gogoz.

Ikasleok, tenka ezazue soka, lotsa alboratu, eta begirale izan beharrean, tiralari. Tiralari eta hiztun. Gure herriak eta hizkuntzak sokatira etengabean diraute. Zuen eta gure esku dago lotsatuta eta isilik bizi, edo parte-hartzaile izatea, soka tenkatzea, eta alde egokira tiratzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!