Garapena

Akordatzen naiz, gaztetan, arbi soroak hori-hori, bizi-bizi, arbitza garatuta eta aita zenak arbiari indar guztia garara joango zitzaiola eta behiek ez zutela jango esaten zuela.

Guretzat garatzea ez zen gauza ona. Ziklo natural baten amaiera edo azken pausoa zen. Hazia erein, erne, jorratu, zaindu. Landarea hazi, heldu eta fruitua eman. Aurrez ez bazen jaten, hazia batu beharko zen hurrengoan ereiteko.

Jendartean hasia zen ordurako garapen industriala, ekonomiaren funtzionamenduaren hobekuntza kualitatibo, egonkor eta etengabea.

Industriak lur aberatsenetan kokatu ziren; herriari, jendarteari eta naturari etekin gehien tarte motzenean ateratzeko. Garapenaren izenean etekinei begiratuz. Horretarako mugikortasuna erabili, natura eta jendartea erre eta ihes egin, natura eta bizitza zikloak eten. Garapena garatu.

Prozesua ez zen osotasunean neurtzen, hasieran zer eta zelan zegoen eta amaieran zer eta zelan utzi.

Gaur egun ere berdin darrai. Ekonomiak eta gobernuek dirudunentzat lanean dihardute; krisi garaian ere, dirudunentzat etekin gehien. Munduko laurogeita bost aberatsenek 3.600 milioi biztanlek adina diru daukate.

Garapenaren garaian pertsonaren eta taldearen orekak hobeto bideratuta daude Afrika edo Ameriketako jatorrizko herrien artean, mendebaldeko jendarte eskizofrenikoan baino. Eta harreman hobea daukate naturarekin.

Ekologia eta bioaniztasuna hitzak hain onartuak diren garai honetan, zergatik ez dira aplikatzen dirua eta jendartearen gainean? 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!