Azkenaldian, edozer gauza egin behar denean handiena egin behar da eta, horra adibide batzuk:
Abiadura Handiko Trena. Norentzat? Zer eramateko? Zer aurrezteko?
Joan den astean hainbeste burukomin izan den BEC bera, Bizkaiko garaiena egin zenean eta gaur egun kriston diru zuloa daukana. Iberdrola dorrea, hasieran promotora baten esku, amaieran Iberdrola eta BBK partaide. Iurretako San Juan sua be erraldoia, lata egurra kamiokadaka.
Erregaia lehen be erretako etxetik ekarri dabe seguruenik. Bere garaian abadetxea eta azken aldian gaztetxea izandako orubetik. Lata egurra erretzeak zer dakartso gogora erretzaileari, abadetxeak edo gaztetxeak erre behar direla? Ezin ziren hurrengo gaztetxean erabili?
Lehen su txikiak egiten ziren. Soro barreneko sasiak, erreka bazterreko astalarrosak, bide ertzeko elorri puntak eta zelai erdiko uztau eta lapatzak erretzen ziren. Lur zati bakoitzean su txiki bat.Su txiki horiek hurrean zegozen etxe multzoetakoek egiten ebezan.
San Juan kantak horrela dino gure inguruan: .../ artoak eta gariak gorde-gorde! / muskerrak eta sorginak erre-erre! /...
Gaur egun arto, gari, musker eta sorginek ez daukie balore handirik, San Juan kantak aldaketatxoren bat beharko leuke: .../ herritar xume eta langileak gorde-gorde! / agintari eta bankariak erre-erre! /...
Edo zuri, irakurle horri gogoratzen iatzun beste edozein aukera.