EITBko informatiboetan diotenez, Ekialdean sarri pertsonak hil egiten dira.
Urte asko ez dela, hemen, gure herrian ere astero-astero bat edo beste hiltzen zen, eta jende mordoa torturatzen zen. Hildakoak futbol partidetan bezala zenbatzen ziren; irabazi, galdu edo berdindu egiten zen. Eta, alde bakoitza, futbolean bezala, zenbat eta gol gehiago sartu, harroago azaltzen zen. Irabazi dugu esaten zuten.
Egun batean, alde bateko ekintzek hilketa izena hartu zuten, eta, beste aldekoak, hil egiten ziren. Alde batekoak terroristak ziren, eta edozer egin zitekeen euren kontra. Atxilotu, torturatu, edozer onartzera behartu, ahalik eta urte gehieneko zigorra jarri eta kartzelan ustel zitezela. Zigorra bete ondoren ere terrorista izaten jarraitzen zutenez, nahierako doktrina ezarriz zigorra luzatu zitzaien in sekula sekulorun. Hori guztia, aurreko edozein katebegitan bizia galtzen ez bazuten.
Arazoaren sustraia ez zuten, eta ez dute onartzen, baina dena posible zen hiltzeari utziz gero. Hori zen konponbiderako edo hitz egiteko baldintza.
Utzi dute, baina orain armak entregatu behar dituzte; beste aldekoek inoiz ez.
Armak entregatu ondoren, barkamena eskatu beharko dute, eta, ondoren, damu direla aitortu; eta gero... Amaierarik gabeko katea.
Bitartean, Madril aldean eskuin muturrekoak Espainiako Gobernuaren kontra dabiltzan honetan, jarrai diezaiogun gure bideari.
Batu gaitezen eta tira dezagun denok batera.
Gure esku dago herri izan ala ez.
Edozein herrik bezala herri izateko eskubidea daukagu.
Herri librea izan gaitezke.
Herri libre eta euskalduna izan gaitezke.