Post

Izenak eraikitzen omen digu izana. Post industrialak izan gara. Post modernoak ere bai. Orain post pandemikoak. Bai izenez bai izanez. Laburbilduz, post-gara, izatez. Zabortegien antzekoak garenez, barneak arakatzen hasiz gero, etortzen dira komediak. Arakatu ezean, tragikomediak.

Anbotoko zutabegileen arteko ezezkorrenari saria neure buruari eman diot urterik urte. Azkenaldion, baina, gertutik jarraika dabilzkit batzuk. Eta bizitzako beste eremu batzuetan bezalaxe, esango nuke haserreak, errietak, ezezkoak eta begirada trabesak ugaritu egin direla.

Neure buruari agindu diot: idatz dezadan testu baikorra. Nondik hasi, ordea? Lotsagarria litzateke, eta ez dut egingo, Google edo Wikipedian “baikortasuna” bilatu eta hari horiek hartzen duten bidezidorretan zehar jostaketan aritzea. Ez dut egingo; ze lotsa! Pentsalariaren prestigioa. Besterik ez baitugu irabazten. Barkatuko didazue txantxa.

Kontua da nekagarria dela post izatea. Mila egoeraren post izateak pentsarazten digu gainontzekoek gure jokabidea hobeto ulertuko dutela. Horretarako, lan bat aurkeztean, norbait agurtzean edota edozein aukera nimiñotan, horra botatzen dugu: “medikutan ibili naiz eta”, “ama zaindu behar dudanez”, “ikasturte amaierak, badakizu nolakoak diren”, “eginbehar hauek niretzako berriak izatean”, … Post izateak babesten gaitu, justifikatu egiten gaitu. Eta gaixotu ere bai. Post izaeraz gaixotzen gara. Birus horren aurka ere alperrik txertoak. Kutsatu eta listo.

Garaiek haize berriak ekar ditzakete. Atea zabaltzea, besterik ez dugu egin behar. Atea? Burua? Pentsamoldea? Bizimodua? Balioak, arauak, normatibitatea? Ene! Noraino. Itxi atea, mesedez.

Laster testu hau bera ere post berri bat izango da nire blogean. Post-aren post osteko esanahi berriak. Nahiko nuke eraikitzeko sasoi honetan (aktibitatea bueltan baitator), inertziari erabakitzen utzi beharrean, elkartasunaz, indibidualismoaz eta askatasunaz egin ditugun gogoetetan oinarri hartu dezagun. Gaur bertan entzun dut oraindik aurrera gure jokabidea gidatzeko honako lau zutabe hauen gainean eraikitzeko gomendioa: apaltasuna, errukia, erantzukizuna eta errespetua. Ez dakit egokienak diren. Ez dut uste, sikieran, “egoki” eta “desegokiak” badirenik. Baina, beno, nonbaitetik hasi beharra dago. Hor ezarri ahal dugu pre-a. Hala egiten badugu, izatea dauka halako ondoriora heldu garelako, bizipenek, eztabaidek eta gogoetek kontzienteki erabaki dutelako bide hori eraikitzea. Beste behin ere, sapere aude: eraikin berriaren zutabe bakarra baina sendoena.

http://josunearanguren.blogspot.com/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!