Arauak eta gomendioak

Idazteko gaia aukeratuta, gogora datorkit pediatra haren gomendioa: “zure poltsikoak ahal badu, marka honetako pixoihalak onenak zure umearentzat”. Langile publiko batengandik entzuniko lotsagaberiarik haundienetakoa. Koka ezazue burua une batez autoritatea ematen dizuen lanpostu batean eta diru-etekina edo onura ekarriko dizuen “gomendioa” egiten/ematen/luzatzen. Larrua behar da, ezta?

Gogoan ditut baita euskara irakasle garaiak ere. Haiek ziren haiek gure ahaleginak ikasleek Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak desberdin zitzaten, funtsezkoa baitzen zuzentzeko irizpideak jartzean, azterketak zuzentzean edota, ikaslearen erabakitzeko/aukeratzeko gaitasunaren mugak ezartzean.

Aholku-emailea botere leku batean dago jasotzailearekiko. Hala ere, aholkuak iritzi subjektiboak dira, inoren jokabidea alde baterantz edo beste baterantz bideratzeko asmotan emanikoak.

Kapazak zarete gurasoekin bizi zinetela, haiek hezitzen zintuzten sasoi hartan, etxean bete beharrekoak arau ala gomendioak ziren bereizteko? Zalantzak jartzen zenituzten ala zeuen onerako zirela pentsatzen zenuten, bete ala ez? Ez ditugu hain erraz bereizten menpeko garenean.

Oinak lurren baten gainean behar ditugunez, zerbait sinestu behar dugu eta prest gaude sinesteko orain arteko osasuna babesteko arauak adituen txosten edo irizpideetan oinarrituak zirela. Orain, ordea, beste garai bat hasi da: aholku-emaileen garaia. Bitxikeria bat: aholku-emaileen ezaugarri da ez formaziorik ez kontzientziarik ez izatea. Adituen txostenik ez dute behar hauek eta euren eskumenen mugen kontzientziarik ez dute.

Totalitarismoa segurtasunaren izenean. Ustezkoarenean.

Mesedez, ez niri aholkurik eman. Ez gomendiorik. Nire erantzukizun pertsonala aipatuz, gutxiago. Agintaritik aholkulari espiritualera bihurtzeko baimena geuk eman diegu, irudi hori islatu dugu eurengan eta nortasun horretaz euren burua jantzi dute. Edozein agintari, orain, kudeatzen duen eraikin publiko baten erabilerarako gomendioak ematera ausartzen da. Autoritatea edukitzearen sentsazioa dute, une batez jakintsu dira, prestigio ikututxoa ere bai, ezta? Luzatu lepoa eta atera hadi kalera, agintari osasun zaindari! Umeak edo ardurabakoak bagina bezala artatu gaitzazue lasai asko: gutaz kezkatzen zaretela pentsatuko dugu.

Prest ote daude eurek gure aholkuak entzuteko? Komisionista etiko hauek zergatik ez gaituzte besteek beste haserrearazten? Baduzu inguruan horrelakorik? Ego-a handitu zaio azkenaldian?

http://josunearanguren.blogspot.com/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!