Horrelakoetan gertatzen denaz gogoeta egin dezagun, hots, bizkar gainera besteek emanikoa zamatzean gertatzen denaz.
Sentitu duzue inoiz ez duzuela zeuok aukeratu jokatzen ari zareten rola? Makina bateko torloju edo mekanismo handi bateko pieza izatearen askatasun edo bakantasun falta antzeman duzue? Lasaitu gaitezen pentsatuz komunitateko kide izatearen prezioa dela. Geure burua taldeko izate horretatik interpretatuz gero eta ikustean taldeek beren eratzeko, funtzionatzeko eta garatzeko logika propioak dituztela, orduantxe jabetuko gara gertatzen zaigunaz.
Gizartean bezala txindurritegian ere rolak banatzen dira etengabe: ondokoak bat hartu bezain pronto, gugan eragina izango du eta beste bat egokituko/leporatuko atoan. Txindurritegiko ehuneko hamarra diren txindurri alferrekin talde berria osatuz gero, berri hartan ere ehuneko hamarra izango da alferra. Ondorioz, aurrekoan alfer rola zuten batzuek rola aldatu behar izan dute berrian. Zenbat egituratan ez ote du “txindurritegiko teoriak” gure jokabidea erabakitzen.
Animalia sozial egin gaituzte eta, ondorioz, gure autonomia ezinbestez da ez-autonomoa. Saia zaitezke jokatzea suertatu zaizunetik ihes egiten baina ezin izango duzu. Mundua den antzoki handian, Alice bazara, ez zara Untxi Zuria. Laukitxo hori egokitu zaizu joko-mahaian.
Eguzkipeko tximeleta jostalaria dantzari ari da, beste izaki baten hurbilketak hegaka ihes egitera behartzen duen arte. Bestea baino politagoa, librea eta botere haundiagokoa izan daitekeen arren, engranaje sozialeko izatearen kontzientziak lasaitzen du tximeleta. Tokatu egin zaio. Turki burua da. Erruduna. Lehenago tokatu zitzaien zaharrei, haurrei, nerabeei, tabernazaleei, kirolariei eta ez txertatuei. Ez etsi: tximeleta efektua gure hego ahulen boterea da.
https://josunearanguren.blogspot.com/