Eskubide berdintasunerako bide horretan, alor asko jorratu behar dira: emakume eta gizonen artekoa aipatu dugu, baina eskubide murritzagoak dituzte baita herritar estandarraren estereotipotik aldentzen direnak ere arraza dela-eta, jatorria, aukera sexual edo afektiboa, gaitasun funtzional edo psikikoa, maila ekonomikoa, egoera zibila, familia eredua, formazio-maila, erlijioa, adina edota itxura fisikoa. Batzuk aipatzearren.
Zer pentsatua ematen du aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauak. Bizkaikoaz arituko naiz, larriagoak ikusi baditut ere. Ondare irisgarri eta inklusiboa da antolatzaileoi agindu zaigun aurtengo gaia. 214 ekitaldi gure lurraldeko katalogoan. LGTBI kolektiboaren historian zeharreko ibilaldia, Txinako pertsonekiko bitxigintza tailerra, itsuentzako egokitutako bisita, zeinu hizkuntza bidezko azalpenak,… Emanaldiak, kontzertuak, erakusketak edo bisitetako 214tik 90, aldarrikapen edo zailtasuna duten kolektiboei zuzenduta daude. Kolektibo horiek publikotzat hartuta, beraz.
Adibidez, anekdota gisa hartzen dugu artea eta historia diskurtsoa duen bisita gidatu bat aniztasun intelektualekoei zuzendutakoa bada. Behin egiteko zerbait, ia zelan, aproba modura, kategoriarik gabekoa eta irauteko borondate barik. Gogoeta sakonetan sartzeko nagi gara, kolokan jartzen digulako artearen edo historiaren kontzeptua bera. Ondarearen kontzeptua bera. Pertsona horiek ez dira gure kultur eskaintzaren helburu. Eta bihar biharkoak.
Gure gizartearen eraikineko zutabeek oinarri sendoak dituzte. Bata elitista da, horko hori androzentrista, beste bat eurozentrista… Eraldaketa lortzeko zutabeak ukitu behar dira, Gu eta haiek planteamendua baztertzailea baita. Ondarearen kontzeptua berriztatzea premiazkoa da, ondarea barneratzaile egingo badugu.
Behintzat zerbitzu publikoan ari garenok gerribuelta malgutu behar dugu, eredu izatea baitagokigu. Eta gainontzekook ere bai, ustezko ongizatea zalantzan jartzera etorri den sasoi honek hala eskatzen digu-eta. Ondare kontzeptua eraldatzetik gizarte barneratzailera. Hori erronka.
https://josunearanguren.blogspot.com/