Norbere fikziozko pertsonaiek espazioan eta denboran kokatzen gaituzte. Zenbaitetan inoraez edota inoizez-era eraman ostean, hona eta gaur egunera bueltatzen gaituztelako. Zirrarak biziarazi dizkigute gure bizitzatik eurena bizi izan dugunean. Umetan eta gaztetan, batez ere. Askotan bizitzak berak ematen ez dizkigunak. Agian artean adinik ez genuelako. Horregatik maite ditugu: euren esperientzien protagonista izatearekin, geugan gure beste izaerak pizten dizkigutelako.
Bizitzan zeharreko pertsonaiak topatuak dira, ez bilatuak: edo irakasleak agindutako irakurgaian daude, edo lagunak proposatutako filmean edo museoko bisita planifikatu gabean, edo familiako ohituran, edo izekoren egongelako komikian, edo eskolako liburutegiko apal batean.
Inoiz maitasunezko istorioaren bila joan eta Gaztelako landa eremuko bizimoduan ehizan aritu izan gara eta, beste inoiz, gerra aurreko sasoira irakasleak abiarazita, Madrilgo kafe bateko tertuliakide izan gara. Momentu mistikoetatik aurrera, betiko geure dira Londoneko galtzada-harrien soinu-distirak, New Yorkeko porlanezko eraikinen arteko zurrunbiloak, marmolezko mahaitxo baten inguruko sekretu isilak, lutoz janztearen tristura, paramoan aurre egiten digun txakurrak eragindako ikara edo banpiroaren lepoko hozkadaren sentsazio kontraesankorrak.
Pontevedrako aldea batera joan eta Valle Inclán-en pertsonaiak pertsona bihurtzen direnean, irakurketak norbere ondare izateak gure bizipenak eraldatzen dituela sumatzen dugunean, beste behin ere hortaz elikatu beharra nozitzen dugunean, geure bizitzako pertsonaiei aitortza egiten diegu. Agian Victoria Erreginaren London-era bidaiatzeko aukera kimera da. Hala ere, beharbada kultura horren herentzia duen norbait ezagutzeko parada datorkizu. Batek daki.
Kixotezkoa da egungo egoera. Galdeiozu Heidi baizina. Don Juaneotan ari zen. Nire Julieta zara. Yupiren munduan bizi zara. Gure unibertsalen parte dira, gure kultura eta hizkuntzakoak. Gure kosmogoniakoak.
Eurak hor daude. Gure zain. Gure munduari parametroak ematen laguntzeko gertu.