Faseak

Euskaraz sortu eta gaztelaniaz eskolaratzearen ondorioz, “fase A, fase B eta fase C” ikasi genituen “A fasea, B fasea eta C fasea” ikasi baino lehen. Horrela, Mundu Gerraren faseak, ilargiaren faseak, ur-tanta baten ibilbidearen faseak, zelula banatzearen faseak,… Horiexek izan ziren gure hastapenetako faseak.

Irakaskuntzan, ostean, gogoan dut hitz hori ohiko genuela ikastaldea deskribatzean, ikasprozesuko ezaugarriez aritzean edota baita eduki gramatikalak faseka zatikatzen genituenean ere, hobeto irakatsiko genituelako ustean edo.

Baina, zer adierazten digute faseek? Denbora tarteak, eboluzioa eta aldaketak. Horien bitartez mugatu daiteke fasea zer den. Gure burmuinak antolatu zaleak dira eta, ondorioz, faseka banatu behar izaten dituzte ezagupenak, behar bezala ulertzekotan.

Fase analogikotik digitalerako erresistentziez entzun berri dut, telelanari buruzko ikastaro batean gaur goizean. Fase horretaranzko bidean bainaiz. Ez dakit deseskalatzearen zein fasetan gauden edota pandemiari zenbat eta zeintzuk fase geratzen zaizkion zeharkatzeko oraindik ere. Txertaketak ere, nola ez, faseka datoz. Faseak, faseak nonahi.

Ilargiaren menpeko edo bestelako, hilero ere emakumezkoek geure faseak ditugu. Eta adin batetik aurrera, gainera, beste fase batzuei buruzko informazioaren bila abiatu beharreko fasea heltzen zaigu: doluaren faseak, hilekoaren erretiroaren faseak edota lo-orduen faseak.

Zein fasetan zaudete zuek? Zein fasetan nago ni? Amaitzear ote da fase hau? Zure hurrengo fasea zein da? Fase aldaketa hau luzetxoa ez al da? Hasi eta amaitu egiten baitira faseak. Beti. Ala ez beti?

Aldaketa bera fase bihurtzen ari zaigula nabaritzean, sokan ibiltzen ikasteko fasea dator. Edo orduko eskola erdaldun hartan ikasi genuenaren arabera, “se hace camino al andar”. Nago ia faseak iragangaitz bihurtuz ez ote doazen. Egunerokoan geure buruari goizero egiten diogun azterketa txikitxoa honakoa da: zelako altxatu naiz gaur? Fase berri batean sentitzen al naiz? Lanean, osasunean, harremanetan, gorpuzkeran… Ala mindfulness beharraren fasean sumatzen nauzue, akaso?

http://josunearanguren.blogspot.com/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!