Maskarada'21

Metafisika egiteko errezeta emango dizuet. Lehenengo, hitzak poltsatxo batean sartu; barruan daudelarik, ondo-ondo nahastu eta, azkenik, banan-banan atera ahala errenkadan jarri bata bestearen atzean. Voilà! Esaldia osatu da! Errezeta onenak bezalaxe, kopiatua da hau ere.

Poltsatxo hori da norbere burua azken aldion. Eta honako hau bertatik gaur hitzak atereaz sortu den esaldia: Plateruenatagerozer-eko Zupiria bozemaileak adierazi duenez, Kapitolioko birusak El Boni tirokatu du Baionan, eskola-kirola dela-eta.

Terapia behar dugu esaldiak errenkada zuzenetan antolatzeko gaitasuna berreskuratu nahi badugu. Halaxe, agian, buruetako lainoak garbituko ditu Filomenak. Ala ez?

Maria Zapatak hitzaldia eman du Gasteizen. Terapia vs politika. Arazoaren indibidualizazioa ala arazoaren sozializazioa? Banakako tratamenduan argitasuna topatzeak poztasuna dakarrenez, lainoaren sustrai kapitalista eta patriarkalak gizartekintzatik mozteko beharrik ez dugu?

Ziurgabetasunak, zalantzak eta ezbaiak apatia ekarri dute. Apatia banakakoa, bikotekoa, lagunartekoa, tabernako solasaldietara, telefonozko elkarrizketetara, kaleko elkarketetara eta dendetako salerosketetara. Sareetara eta aisialdi kontsumoetara. Eta normaltasun berrira.

Polisa gobernatzen dute hiru araurekin: maskara, distantzia eta aforoa eta eskuen garbiketa. Laino arteko metafisikaren aurkako terapia bezala ez dabil erremedioa, nik uste. Bizirik dirautenen osasuna ere polisa gobernatzen dutenen ardura da. Gel hidroalkoholikoak buruko lainoa garbitzen ez duenez, sanitarioen alkohol kontsumoak gora omen doaz.

Barricada gorenean zegoela, amak Drogasi lantegi batean ganorazko lana bilatzeko esaten zion. Agur, Boni; egia esan, zailtzen ari zaigu 60 urte betetzera heltzea rocker izanik. Jakintsua Drogasen ama. Bitartean, inauteririk ez baina maskarada inoizko populatsuena laino artean. Laino artetik laino artera ongi-etorri, mutazio berri!

Nothing Hill-eko karnabala ospatuko dugu ondorioak deskubritu bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!