Bazterrik bazter hitz bera: ikasi. Nor da eraldaketarako unibertsitateko irakaslea, ordea? Galdera horren erantzunak arduradun bat edo beste ipiniko du jopuntuan. Maizegi, nire ustetan, entzuten ditugu hitzok gure ezbeharren jatorri gisa: gobernua, legegilea, araua, epaia, nazioarteko ekonomia, kapitalismoa, mundu globalizatua,... Potoloetan potoloenak. Arduradunetan arduradunenak. Galdetuko nuke zenbateraino ez ote diren kontzientzia lasaigarrietan lasaigarrienak ere. Gizarte eraldaketarako ateak ixten dizkiotenak, behintzat, norbanakoaren ekimenari.
Beste hitz bat. Ederra honakoa. Eskarmentua. Gaztelania ere buruan dugunok, bi kontzeptu lotzen ditugu hitzarekin batera datorkigun esanahian. Horrexetan bere edertasuna. Horrela ulertzen dut Adela Cortinaren esaldia.
Eskarmentuak, ordea, gizartekoa eta norbanakoa ere badenez, eraldaketarako beharra geure sentiarazten digu. Etxealdian batak elikadura hobetu duela, besteak jarduera fisikoan tematiago jokatuko duela, hau umeekiko tarte gehiago bilatzekotan da eta hark kultura kontsumitzeko bide berriak topatu ditu.
Irakaslerik onena aukeratu dugu. Norbera. Eskarmentua. Bi esanahiak bat eginda. Berak eman dizkigu bai diagnosia eta baita erremedioa ere. Gizartearen antolaketa dela-eta, gogora datorkit Rousseauren kontratu soziala. Frantzia iraultzaren ateetan zegoela, imajinatzen ditut herritarrak estatu araugilearen beharraz eta norbanakoen askatasunaren garapenaz eztabaidatzen. Kontratu soziala alde guztien erantzukizunak batzeko eta gizakiaren eta gizartearen eskubideak garatzeko tresna hipotetikoak despotismora eraman gaitzake edo Liberté, Egalité eta Fraternité-ra.
http://josunearanguren.blogspot.com