Jendajeak

Ultraeskuindarren gorakadak eta udalaren zurrumurruen aurkako ekimenak behar berari erantzuten diote? Jendajeak ere kultur estereotipoak dira. Erlojua soinean duela alanbran lixiba zabaltzen duen urlia maketoa, inori klaskada entzunarazteko leiho bazterrean arrautzak irabiatzen dituen sandia kanpotarra eta bertokoena baino negar zaratatsuagoa duen nonbaiteko berendia. Trenak ekarritakoak. Ijitoen gurditik eroritakoak. Ez gutarrak. Hezurbakoak, belarrimotzak. Jende-modua.

Etxean jaso ditugun estereotipo nagusiak jatorrian eta etnian sustrai hartuta daude. Geure nortasuna indartu eta ondorioz, inor baztertu. Taldea garela adierazi nahi eta bide batez, gure gizartean ez daudela argi utzi. Berdinak garela aldarrikatu eta nahitaez, desberdinak direla azpimarratu. Beste talde batekoak. Jendaje taldekoak.

Kultura desberdinak erkatzen direnean parametro unibertsal batzuen bitartez egiten da. Hofstedek “burmuinaren softwarea” deitzen dio modu adierazkorrean kulturak erkatzeko bost dimentsioen formulazioari. Sailkatzeko lana errazteko, zein kutxatilatan sartu erabakitzen laguntzen diguten parametroak dira.

Kontua da taldekatze horiek gizartearen mugimenduak ere eragiten dituztela. Identitate soziala eta talde fusioak kezkatzen gaituen garaian, euskaldun eta euskal herritar taldeei batzen bagatzaizkie, horiexei identitatea ematen diotena indartzeko izan dadila. Talde psikologia praktikoa dakiguke nolakoak garen gogoeta egiteko, nolakoak ez garen baino hobe. *http://josunearanguren.blogspot. com/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!