Urteetan antropologia eta gizarte zientziek esan digute emozioen gaia ez dela euren jakintza arlokoa, eta medikuntzaren aztergaitzat baztertu dute. Baina gure gizartea ere espresatzen da. Gure bitartez espresatu, gainera. Ilusioak, pozak edo doluak gure gorputzak zeharkatzen dituztenean ez dira edonola azaltzen, arbitrarioki, ez eta naturalki ere. Emozio bera desberdin agerrarazten du gizarte bakoitzak (gero norbanakoak pertsonalizatuko duena). Afektibitatearen kulturak gizartea zeharkatzen du, amankomunean dugun jakintzetako bat da eta bizitzako gertakarien aurrean zelan jokatu erakusten digu. Horri eskerrak ulertzen diogu batak besteari eta jakin dezakegu sentipen bera ari garela bizi izaten une jakin batean.
Baina, afektibitatearen kultura gizartea eraikitzeko ore izateaz gain, gizartea kohesiorako faktore ere badela esango nuke. Emozioak konpartitzen ditugunean orearen kalitatea hobetzen dugu. Beste behin ere, kultura interpretaziorako ezinbesteko tresna da gertakizunak “erreal” moduan ulertu eta bizi ahal izan ditzagun.
* http://josunearanguren.blogspot.com/