Uda honetako gertakari bi. Aurrena, jatetxe batean menua bertako hizkuntzan eskatutakoan entzun behar izandakoa: “Beste hizkuntza batean ere nahi duzu? Hirugarrena litzateke!”. Bigarren gertakaria, oroigarri merke-merkea erostean, saltzaileak egin zigun opari-eskaintza: “Platertxoan agertzen den hitza bertoko hizkera dugu, galtzen ari da baina hitz egingo dizuet, aditu ahal izan dezazuen”. Zein gertakari gertatu da Bretainian eta zein Euskal Herrian? Jolastu hipotesi biekin, erakusten duten egoerekin eta iragartzen dituzten ondorioekin. Bertokoa: harrotasuna?
Estitxu Izagirrek irailaren 5ean Argian idatzi duen “200.000 turista Gaztelugatxen harrotzekoa eta 3.000 migrari EAEn larritzekoa?” gogoetan parte hartzen duten beste hitz batzuk hartu: biotipo, babestu, hondakin, harrera, babesgune, … Turista kopuruak eta ez beste ezerk ezartzen du udaren arrakasta erakundeen balorazioan. Bitartean, herritarrak, auzolanean, plastikozko ontziak jasotzen.
Eta azken lerroek abuztuaren 13an Donostiako jaietako bertso saioan Maialen Lujanbio irakasle jakintsuak bota zuenari lapurtuta: “Hiri estandar bat bihurtzea / hartua dute eredu. Guk daukaguna erakusteaz,/ jakina, harro geunden gu./ Ta lehen ginena ez garenean, / zer erakutsiko degu?
Sasoiz gaude? Badakigu zer den bertokoa?
josunearanguren.blogspot.com/