Arkeologia

Beste inoiz ere erabili izan dut aukera hau gomendio egiteko tartea egin diezaiegun hitzaldiei gure kultur kontsumoaren ohituretan.

Duela aste bi Aitziber González García arkeologia feministari buruz aritu zen Durangoko Museoan. Arkeologia eta historiaren jardunaldietako hirugarren eta azken hitzaldia izan zen.

Ikertzaileak argi azaldu zigun historiak antzinako aroak azaltzen dizkigunean, jakintzat, oinarritzat eta eztabaidarik gabeko egituratzat hartua duela ikuspegi hetero-patriarkala. Harrigarriak ziren adibideak. Gaur egungoak ere bai. Matthew Johnson irakurtzeko proposamena egin zigun: errepresioa sortzen duten ideologiak gainditzeko, arkeologia zein tresna baliogarria den ikasteko bibliografia ezinbestekoa, antza. Irakurriko dugu.

Arkeologiak lurraren indusketetatik haratagoko jakintzabide gisa ematen dituen fruituei burua zabaltzeko garaia dugu. Araban GAS-ek —gizartearen arkeologia aztertzen duen taldeak— https://grupoarqueologiasocial.wordpress.com/ gunean hainbat azterketa-adibide ematen dizkigu arkeologiaren metodoaren bitartez egungo hainbat gertakariren gainean. Umore tonua ere eskertzekoa da. Aldaketa sozialak, kultur sorkuntzak,… edozein fenomenok beste dimentsio bat hartzen du arkeologiaren ikuspuntutik.

Beste behin ere eskerrak Garazi Arrizabalaga Cabrerizori, Belen Bengoetxea Rementeriari eta Durangoko Museoari gure burmuinean klak horiek eragiteagatik.
http://josunearanguren.blogspot.com/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!