Norbere burua zaindu, zigorrik ez hartu, bizitzako uneak atsegin bihurtzen ahalegindu, egunerokotasuna berezi egin eta atsegina bilatu une oro. Etxea bizitzaren agertoki eta sozializatzeko espazio duten herrialdean, abegikortasuna da nagusi, oinarri dituen bost zutabeetan islatuta: giroa, arropa, janaria, jarduerak eta konpainia. Kandelak, egurra eta gai naturalak, kolore beroak, txokolatea ere beroa,… herrialderik hotzenetakoan. Armairua toperaino betetzeaz eta kotxea aldatzeaz ahaztu.
Horrek guztiak partekatzetik hartzen du zentzua, bizi-jarduera ni-gan garatu beharrean, gu-gan garatzetik. Guztion ongizatea bilatzeak eraman ditu helmuga horretara daniarrak eta hala egitearen kontzientzia aldarrikatzen dute.
Kontzientziaren aldarrikapena azkenaldion maizegi entzun ez ote dugun nago. Elikadura kontzientea, kontsumo kontzientea, ez estresatzeko kontzientzia hartu, umeen heziketa kontzientea praktikatu eta abar zabaldu dira aldaketarako giltza eskatzen duten prozesuetan.
Burujabetasuna galdu dugula uste badugu, askatasunaren bidetik aldenduta sentitzen bagara, piztu dezagun kandelatxo bat afalorduan.
http://josunearanguren.blogpspot.com.es