Kalean goazela, inguratzen gaituen dena da arrotza: hizkuntza, irudiak, Shakirari buruzko berria behin eta berriz irratian (erdal komunikabideen mundu ikuskeratik begiratu beste erremediorik ez dugu). Hizkuntza minorizatuko hiztuna izatea borroka da: egunerokotasuna zapalkuntzatik aldarrikapenera eta buelta.
Joaten dira urtean zehar loretxoak jaiotzen. Baina horien oihartzuna desagertzen da memoria kolektibotik Ezkurdin La Orquesta Nuevo Talismánen lehen akordeekin.
Bertako produktuak babestu eta denda txikiak gordetzeko adierazpen instituzionalaren unibertso paraleloan bizi dira Landakogune alokatu eta merkatu ibiltari erraldoiaren antolatzaileak. Herrigintzak mundu ikuskera globala izanda, gertukoan egiten du lana eta ez kontrakoa. Jendeari Rafaela Carra gustatzen zaio-eta. Andra Mariko ikuskizunean egongo ziren bi mila lagun, Mendiluze txalotu zutenak beste. Ondarea babesteko gordetzen den bezala, %1 gorde beharko da udal aurrekontuetan euskal kultura babesteko? Herri indigenak exotismoz gordetzen dira eta horretara goaz.