Obabatik Bilbora, DA!

Duela aste bi Joseba Sarrionandiak espektakuluaren gizarteari zor dion zerga ordaindu du. Atxagari elkarrizketa horretaz galdetu diote Euskadi Irratian asteleheneroko saioan. Besteak beste, Sarrionandia serioegi topatu duela erantzun du Atxagak.

Eta kazetariak, erantzun hori argitzekotan edo, umore faltan sumatu duen galdetu dionean, Sarriren hitzek poesia falta dutela erantzun du idazleak. Poesia eta ez umorea jarri du, beraz, seriotasunaren kontrako horman.

Duela lau urte poesia zer den azaltzen saiatu zen asteasuarra 2012an, Joxe Anjel Arbelaitzek zuzendu zuen Leku hutsak, hitz beteak dokumentalean. Argia multimedian dugu dokumental osoa ikusi nahi dugun abaguneetarako eskura. Beste aldearekiko konexioa bilatzean kokatzen du poesiaren eremu hori. Dokumentalaren gidoia bera kontakizun ederra da: poetaren ibilbide autobiografikoa bidaia biren bitartez azaltzen du. Joanekoan, Obabatik Bilborakoan, idazle izatea erabakitzen du barneko hutsa bete nahian. Bueltakoa, Obaba sorterrirakoa, idazle lana gauzatzea da eta argitalpenen errepasoa eginez narratzen du: joanekoan deskubritutako planetaren batean gertatzen dira nobela edo sorkuntza guztiak.

Atxaga parafraseatuz, esango nuke mundua Obaba ez dela eta badela beste mundu bat, eta beste planeta batzuk bilatu beharra sentitzen dugunez, leku hutsak hitzez betetzeko premia dugunez, DA! antolatzaileentzako zorionak eta animorik handiena.
http://www.josunearanguren.blogspot.com.es/

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!