Nahi nuke egunotan buzoietan jaso ditugun koloreetako papertxoetan horren guztiaren usainik hartu banu. Baina inkestek esaten omen dute herritarren kezka nagusia ekonomia dela. Eta, ondorioz, papertxoak ekonomiaz barra-barra. Esaiezu horiei, Platon, justizian eta ongiaren ezagutzan formatuak izan behar duela Lehendakari.
Errepublika liburuan jasotzen da hiri-estatua antolatu eta kudeatzeko sistema ideala, Res Publica-ri buruzkoa delako. Zelan norbera justiziaz gidatu akropolian, agoran eta etxean? Pertsonak lotzen dituen eta estatua osatzen duen eremu hori justiziaz gidatzeko arauak dira/ziren politika. Berriz diot: ongiari eta justiziari ematen zitzaion nagusitasuna. Koloreko papertxoak, ordea, banakakoari zuzenduak iruditu zaizkit. Horregatik ez dago kulturari aipurik. Publikoa dena denona da eta denon artean eraiki behar dugu, denontzako ona eta justua edo denontzako txarra eta injustua izango delako. Hori barneratu arte inoren kontu utziko ditugu umeen hezkuntza, zerbitzu publikoetarako diruen inbertitzea, espazio publikoen kudeaketa...
Aberastera edo izen on bila doazenen erruak geure kolkoarekin partekatu ostean, berrar dezagun polisa hobetzeko konpromiso etikoa.