Desberdina izango da aurtengoa. Alde batetik, Espainiako (eta Nafarroako) errege-erreginak gonbidatu ez dituztelako eta, bestalde, saritua izan den Ignacio Aranguren Gallués sarituaren berbengatik. Aranguren irakaslea antzerkia gizartea kohesionatzeko eta balioak transmititzeko tresnatzat erabili izanagatik hautatu omen du Nafarroako kultura kontseiluak. Arkeologo, biolinista, koreografo eta beste hainbat langile “noblek” baino boto gehiago batu ditu Ignacioren hautagaitzak, antza.
Irakasleentzako esker hitzak aukeratu zituen hain ondratu sentitu zen unean. Bizitza osoan ez omen du alderik ikusi kultura eta hezkuntzaren artean. Biak ei dira uztarri berekoak norbere burua eta gizartea ulertzerakoan. Duela 35 urte sortu zuen antzerki eskola helburu horrexekin: antzerkia eta hezkuntza uztartzea.
Hogeita hamabost urte eta gero hau! esango genuke Oskorri plagiatuz. Urteotan aurrera egin dugu agian eskubideen defentsan zein gauzatzean. Baina aurrera egin du baita hezibakoen adierazpen askatasun eta ekintzak ere. Horregatik, 2017ko Viana Printzearen sarirako hautagai zerrendan, hain lanbide nobledun jendartean, sar itzazue honakoak ere: homofoboak eta matxistak ez direnak, kalean txistua botatzen ez dutenak, kartelak behar den lekuetan ipini eta ostean kentzen dituztenak eta bortizkeria baztertzen dutenak.