Ilusioa

Ilustrazioaren garaian suspertu zitzaigun ilusioa. Pizgarria eta positibotasuna lotzen dizkiogu ideia horri garai hartatik. Ordukoak pentsatzen hasi ziren arrazoimenaren bidez ezjakintasun, superstizio eta gehiegikeriei aurre egiteko tresna zutela.

Munduaren ikuskera aldaketa gertatu zen: Erdi Aroko iluntasunetik irten eta argien mendeko argitasunerako kosmogonia-bidaia zen. Ilusioz ikusten zuten garapena. Mundu hobea eraikitzeko gai ikusten zuten euren gizartea. Aurrerakuntzan sinesten zuten. Besteak beste, kulturaren aurrerakuntzan. Eta horrek zoriontasuna ekarriko ziela pentsatzen zuten. Ikuskera “ilusionatu” horrek sekulako garapena eragin zuen arte guztietan eta pentsamenduan.

Leopoldo Zugaza ere ilusioaz jardun zitzaigun duela aste gutxi batzuk astekari honexetan irakurri genion elkarrizketan. Duela 50 urte geneukan gauzarik inportanteenetakoa etorkizunerako ilusioa zela gogoratzen zuen. Ilusio hori lausotu egin omen da, eta ondorioz, jakin-min falta dela egun kulturaren gaitz handiena baloratzen du.

Postmodernitatearen deskribapen bat izan daiteke Zugazarena. Baina, modernitatea gainditutzat ematen dugu? Ala ilusio ilustratuak oraindik fruituak eman ditzake? Hori postmodernitatearen beste deskribapen bat da.

Ez dakit ongizateak ez ote digun ekarri norbere eta gizartearen garapenean genuen ilusioaren galera. Asisko Urmenetak, Fermin Etxegoienek egin dion elkarrizketa ederrean, oparitu digu benetako ikuskera aldaketa: ilusioa ilusoena da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!