Hitzaldi batzuez

Oso une gozoak eman ditugu azkenaldion Durangoko museoan. Atxagak Harri baten inguruko gogoeta moduan mozorrotu zigun literaturaren heriotzaren eta zientzia humanistikoen balioaren gaineko hitzaldia. Oso bere estiloan, eta etxeko gertakari baten kontakizunetik  abiatu —letrak ikasi nahi dituen alaba dela-eta, gurasoek entzun behar dituzten ingurukoen erruki hitzak—, harribitxi baten jatorriari buruzko materialista eta idealistek dituzten azalpenen interpretazioetatik igaro, eta literaturaren defentsa sutsua egin zuen, literatur kontakizunak batuz gero, kontzientziaren deskribapena genukeela esaterainoko jario ederrean.


Belen Bengoetxearen eskualdeko historiaren inguruko bidaia ere oso ondo kontatuta egon zen. Alorra ondo ezagutzeaz gain, transmititzen ere badakite irakasleek. Noizean behin, errepasatu behar izaten dira kofradi, elizate, hiribildu, merinalde eta abarrek gure bizitzaren antolaketarako egin zituzten ahaleginak, eta gobernatzen gaituzten erakundeen jatorria eta zergatia.

Joan zen astean, berriz, Juan Manuel González Cembellín-ek Margarita Maturanaren bizitza eta lana aurkeztu zizkigun. Zelako ezuste atsegina! Borrokalari handia, sozialista eta feminista, klausurako moja misiolariaren mugetan zirrikituen bila.

Eskerrak antolatzaile guztiei, eta honelakoen zabalkundean ahaleginak handitu, literaturaren heriotzaren garaian izpirituak elikagaia behar du eta, ez baita jende asko ikusten kultur ekitaldi mota hau kontsumitzen.
http://www.josunearanguren.blogspot.com.es/
 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!