Badirudi alor horietako terminoen beharra dugula Siriako errefuxiatuen arazoan erakundeen portaerak zein beharko lukeen erabakitzean, GKEen irizpideak ebaluatzean, edota norbere iritzia finkatze-saiakeran. Ezin, bestalde, rally bateko istripuaren errudunak bilatze sotiletan, argudio desberdinak eman lege juridiko hutsei begira: honek hala jokatu izan balu, horrek hori beharko luke egin,…
Zintzotasuna, zuzentasuna, solidaritatea eta antzekoak lantzen dituzte umeek txikitatik eskolan, taldeka, eta tutoreek gidatuta, euren arteko liskar eta harremanak aztertuz. Nerabezaroa da, ordea, gai horiei ikasleen garapenak ahalbidetzen duen kutsu abstraktoagoa eman, eta etikaren fundamentua jakiteko sasoia.
Gizartean portaera morala ezartzeko adinean, filosofia ikasgaiak ez du, ondorioz, banakakoan bakarrik eragiten, gizarte osoan baizik. Horregatik, suposatzen dut hauxe dela Wert legegilearen asmoa, besteak beste: gizarte arloko ekonomia eta politika gaiak jorratzean, ikasleek, kendutako ikasgaiaren ordez, aberastasunaren banaketaren gaineko gogoeta egitea, edo zientzien arloko biologiaren aurrerabideak beraien ondorio etikoen ikuspuntuez eztabaida kritikoa sustatzea.
Erlijio eta sineskeriek bide erraza dute honelakoekin.
http://josunearanguren.blogspot.com.es/