Zein da Errege Koparen finalaren aitzakian antolatutakoaren onura? Hango hirian eta hemengo ziutatean bildutakoek sinboloak astindu dituzte, eskuz eta ezpainez. Ostean bertaratuei galdetuta, elkartasuna, emozioak partekatzea eta antzeko erantzunak eman dituzte guztiek. Freudek erakutsi zigun gizabanakoa taldekide bihurtzean, sentimendu batek gidatzen duela, eta ordura arteko printzipioak baztertzeko gai da, onartze akritikoaren alienazio gozoan.
Gainera, hor ditugu futbola erlijioaren ordezkoa dela herriaren opio rolerako diotenak. Eta Borges futbola herrikoia dela ergelkeria herrikoia delako esatean. Eta sexismoa… Eta bortxakeria… Tentazioa handia den arren, ez da hori gure gaurko eztabaidagaia, halere, baizik eta talde, herri, bandera eta tribu-ikurrekin identifikatzea. Gizakiok joera omen dugu gainontzekoen portaera kuestionatu barik imitatzeko. Menpeko bihurtu denak banakotasuna galdu du.
Ados ereserki eta banderak ez inposatzearen eskaera edo aldarriaz. Inorenak ez. Eta eraikin monumentaletan gutxiago. Eta diru publikoz gutxiago. Neurrian dago bertutea. Baina instituzioak eta enpresa handiak festa horren bultzatzaileen gabarrara igo badira, ogia eta zirkua seguru!
http://josunearanguren.blogspot.com.es/