Queer teoriak

Jende askok uste du emakumeok ez dugula ilerik. Badugu, baina kendu egiten dugu. Portaera guztien azalpena eman beharra dugu, gizakiok ez baitugu aitzakia biologisten ostean ezkutatzerik. Portaera ez da geneen programazioan dagoen ezer, baizik eta gure esperientziak sortu duen pentsaera baten ondorio. Kultura da, ez natura.


Gauza bera da sexua. Queer teoriagileek –eta lehenago LGBT mugimenduak– azaldu digute gizarte-eraikuntzaren ondorio dela hori ere. Horrek desberdintasunak, bazterketak, patologizazioak eta gorrotoa sortzen ditu bikotasuna, rolak eta estereotipoak sortu ahala.

Aristotelesi ikasi genion ezaugarri fisikoen arabera izakiak sailkatzen. Sailkapenetatik kanpo geratzen zirenak munstroak ziren. Eta dira. Aristotelesen jarraitzaile dira eskola-mutikoari eserita txiza ez egiteko esaten dion hezitzailea edo bularretakoa ez erabiltzeagatik andreari barre egiten dion laguna edo homofobia genero biolentzia ez dela dioen legegilea. Etengabe –eta nahigabe?– ari gara genero politikak egiten. Denok.

Sexu, genero identitate, generoaren espresiobide eta joera sexual desberdinen artean konbinazio anitzak onartzeko prestatzen hasi behar dugu pixkanaka. Planteamendu biologistak gainditzeko gaitasuna garatu beharrean gaude. Begirada aldatu behar dugu espiritu kritikoak bagara. Aldaketa garaia da. Kulturan ere bai, balioen aldaketan eragiteko gaitasuna duelako.

http:www.josunearanguren.blogspot.com.es    

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!